2010/03/03

BERRIA-n ere berri

Nafarroako Aezkoa eskualdean, Aribe herrian, sortu zen Irati irrati elebiduna, 1993. urtean. Baina 2002an irratia itxi egin behar izan zuten. Zortzi urteko etenaldiaren ostean, emisioei heldu diete.

Irati irratia berpiztu dute

Urtzi Urkizu.

Nafarroan euskarazko komunikabideei trabak eta eragozpenak jarri eta ekonomikoki itotzen ari diren garai honetan, salbuespentzat jo daiteke Aezkoa eskualdean Irati irratiarekin gertatu dena. Zortzi urteko ixilaldiaren ostean, abenduaren 31n berpiztu zuten, eta haren ahotsa FMko 107.7an entzun daiteke.

1993. urtean sortu zuten Irati irratia, Aribe herrian. Bederatzi urtez aritu zen Aezkoa eskualdeko berriak herritarrei helarazten. Baina 2002an etena etorri zen. Irratia ixtea nola gertatu zen gogoratu du Karmele Galarzak: «Duela zortzi urte irratia itxi behar izan zen, berrikuntza tekniko batzuk egiteko. Nahi genuen zutoina mendi puntan jarri, ingurune handiagoa hartzeko. Antena jarri ostean, Nafarroako Gobernuak esan zigun interferentzia batzuk sortzen zituela eta ez zegoela ongi». Horrek irratia itxita mantendu zuen, eta proiektua etenda egon zen hurrengo urteetan. «Urteotan herritar askok eskatu du irratia berriro martxan jartzea».

2009ko udazkenean, Garaioako mendian jarri zuten seinalea bidaltzeko zutoina. «Beste aldaketa tekniko batzuk ere egin behar izan ditugu».

Irratia berpizteko etapa berri honetan, 11:00etatik 13:00etara ari dira irratsaio bat egiten, eta gainontzeko orduetan euskal musika jartzen dute. «Saio horretan agurra, eguraldia, egunkarietako berriak ematen ditugu, eta iraganean izan ditugun elkarrizketak ematen ditugu». Elkarrizketa horien artean, besteak beste, Patxi Eugi eta Jabier Muguruzari egindakoak daude. Datorren astean, berriz, programa 13:30era luzatuko dute. Eta hainbat atal sartuko dituzte, aurreko etapan egiten zuten formula errepikatuz: astelehenetan osasuna, asteartean kirola, asteazkenetan kartak bota eta ametsen interpretazioa, ostegunetan haurren saio berezia eta ostiraletan elkarrizketak adineko jendearekin. Saioko edukiak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte.

«Ilusio handiarekin» hasi dute Irati irratian etapa berri hau. «Nafarroako euskal hedabide asko egoera zailean eta beldurtuta daude egun. Baina sekula baino beharrezkoagoa dugu euskal programazioa izatea hemen eta Euskal Herri osoan», iritzi dio Galarzak.

Momentuz Aezkoako bederatzi herrietan eta Auritzen entzuten da Irati irratia, baina laster seinalea Luzaidera eta Erroibarko ibarrera heltzea espero dute. Etorkizunean Arrosa sarean sartzea gustatuko litzaieke.

Lanpostu baten deialdia


Azaroan iragarki bat jarri zuten hainbat hedabidetan, Irati irratian lan egiteko lau orduko postu bat eskainiz. Baina inork ez du izenik eman. Eta, behin-behinean, hiru hilabeteko konpromisoarekin hasi da Karmele Galarza. Bera izan zen irratiaren aurreko etaparen amaieran ibili zen esataria. «Espero dut datozen hilabeteetan beste norbait azaltzea. Kazetaritza, komunikatzea eta mugitzea gustatzen zaionarentzat aproposa da lana».

Irratiko blog bat ere sortu dute ikasle batzuek: http://iratielkartea.blogspot.com.

http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-01-12/035/010/Irati_irratia_berpiztu_dute.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario